GUZMAN ETA VALENCIA, BORROKAN ORDIZIAN OSTIRALEAN
Ordiziako Boxing Ziklo Klub elkarteak aurten ere boxeo ikuskizuna antolatu du, Donostiako Kuraia klubarekin batera, Santa Ana jaietako programaren barruan. Ostiral honetan izango da eta Beti Alai pilotalekura itzuliko da jaialdia, konbateen usaina hobe sentitzeko. Iaz Majorin egin zuten ikuskizuna baina handiegia geratzen dela aipatu du Mikel Marotiasek, antolatzaileetako batek. “Frontoia familiarragoa da eta txikiagoa bada ere konbateak intentsuago bizitzeko aukera ematen du”, esan du.
Ikuskizuna 23:00tan hasiko da baina frontoiko ateak 22:30ak aldera irekiko dituzte, ikusleek tokia har dezaten. Sarrerak jada salgai daude Ordiziako Olano tabernan. 15 eta 20 € balio dute eta ikuskizun egunean ere salgai egongo dira.
Aurten, urtero bezala borrokaldi ezberdinak eskainiko dira. Kick Boxing-eko hiru konbate, Pankration kategoriako bat, boxeo neoprofesionaleko bi borrokaldi ikusi ahal izango dira eta bukatzeko, gaueko esperoena izango den profesionalen borrokaldia Iban Guzman euskalduna eta Gabriel Valencia valentziarraren artekoa izango da.
Ekitaldiaren amaieran Pedro García mendizaleari omenaldia egingo diote Boxing elkartekoek.